Gaien erabilerraztasuna

Zure gaia pertsonalizatzean, egin diseinuari eta edukiari buruzko erabaki egokiak, sareko denda erabilerraz mantentzen laguntzeko. Webgune erabilerraz bat pertsona guztiek erabili ahal izateko dago diseinatuta, baita desgaitasunak dituztenek ere. Zure sareko dendari buruzko erabakiak hartzean erabilerraztasuna kontuan hartuz gero, bezero guztiei esperientzia inklusiboa eskain diezaiekezu.

Beheko jarraibideak Web Edukien Erabilerraztasunerako Gidalerroak (WCAG) kontuan izanda sortu dira. Webgune erabilerraz bat sortzean faktore asko kontuan hartu behar direnez, soilik beheko jarraibideei jarraitzeak ez du bermatzen zure sareko denda erabat erabilerraza izango denik. Web-erabilerraztasunari buruzko informazio gehiago lor dezakezu WCAG webgunea bisitatuta edo behean zerrendatutako baliabideak ikusita.

Testuaren erabilerraztasuna

Garrantzitsua da zure sareko dendako testua irakurtzeko modukoa izatea ikusmen-urritasuna duten edo testu-bloke trinkoak irakurtzeko zailtasunak dituzten bezeroentzat.

Kolore-kontrastea

Sareko dendako koloreak editatzean, ziurtatu testu guztia erabilerraza dela daltonismoa edo beste ikusmen-urritasunen bat duten bezeroentzat. Bezero horiek kolore-kontraste egokia behar dute gauza bat bestetik bisualki bereizteko. Sarean dagoen kontraste-erlazioaren tresna bat erabil dezakezu zure dendako atal desberdinetako kontrastea egiaztatzeko.

Beheko adibidean, testuak 2,4:1-eko kontraste-erlazioa du atzeko planoarekiko, eta zenbait bezerorentzat irakurtzen zaila da.

Testu gris argizko bloke bat eta atzeko plano zuri liso bat.

Hurrengo adibidean, testuak 4,8:1-eko kontraste-erlazioa du, eta errazagoa da irakurtzeko bezero askorentzat.

Testu gris iluneko bloke bat atzealde zuri trinko batean.

Probatu testu guztiaren kontrastea, gorputzeko testua, izenburuak, estekak eta inprimaki-eremuak barne. Erabili jarraibide hauek:

  • Gorputzeko testuaren eta botoietako testuaren koloreak, gutxienez, 4,5:1-eko kontraste-erlazioa du atzeko planoarekiko.
  • Izenburuen eta bestelako testu handien koloreak (24 px-ko eta gehiagoko letra-tamaina), gutxienez, 3:1-eko kontraste-erlazioa du atzeko planoarekiko.
  • Irudien gaineko testu guztien koloreak, diapositiba-aurkezpenak, bannerrak eta bideoak barne, kontraste-erlazio nahikoa du atzeko planoarekiko. Testu handietan (24 px-ko eta gehiagoko letra-tamaina), kontrastea, gutxienez, 3:1-ekoa da. Testu txikiagoetan, berriz, kontrastea 4,5:1-ekoa da, gutxienez.
  • Testuak ez diren elementuen koloreak, sarrera-eremuen ertzak eta ikonoak barne, gutxienez 3:1-eko kontraste-erlazioa du atzeko planoarekiko.

Testuaren izenburuak

Zure orrian testu aberastuaren editorearekin izenburuak gehitzean, garrantzitsua da sekuentzia-ordena mantentzea (1 - 6). Izenburuak laguntza-teknologiek erabiltzen dituzte orriaren edukia nola antolatuta dagoen jakinarazteko. Mailak saltatzeak, adibidez, 2. mailako izenburu baten ondoren 4. mailako izenburu bat jartzeak, erabiltzaileak nahas ditzake. Erabili jarraibide hau:

  • Izenburuak sekuentzia-ordenan erabiltzen dira eta ez dute mailarik saltatzen.

Testuaren tamaina eta lerrokatzea

Zure gaiaren tipografia-ezarpenak editatzean, ziurtatu testua nahikoa handia dela bezeroek eroso irakur dezaten.

Testuak hitz eta letren arteko tarte koherentea izan beharko luke, irakurtzeko erraza izan dadin. Beheko adibidean, testuaren lerrokatzea justifikatuta dago, eta horrek hitzen arteko tarte inkoherentea sortzen du.

Lerrokatze justifikatuko testu-bloke bat. Testu-lerro bakoitzak espazioa mutur batetik bestera betetzen du, eta ahokatu dadin hitzen arteko tartea aldatu behar da.

Hurrengo adibidean, testua ezkerrera lerrokatuta dago, eta horrek hitzen arteko tarte koherentea sortzen du.

Ezkerrera lerrokatutako testu-bloke bat. Hitz bakoitzaren artean tarte koherentea dago.

Testuaren tamaina eta lerrokatzea pertsonalizatzean, erabili jarraibide hauek:

  • Gorputzeko testuaren gutxieneko letra-tamaina 16 px-en baliokidea da.
  • Testuaren lerrokatzea ez dago justifikatuta. Testu justifikatuak hitzen arteko tarte inkoherentea sortzen du.

Testu-estekak

Testu-estekek azpimarratuta egon beharko lukete edo testu arruntarekin alderatuta bisualki bereizten den beste estilo bat izan beharko lukete. Zenbait bezerok koloreak ikusteko arazoak dituztenez, ezin duzu soilik kolore-aldaketa bat erabili esteka bat eta testu arrunt bat bereizteko.

Testu-estekak fitxa berean ireki beharko lirateke. Fitxa edo leiho berri batean irekitzen diren estekek nahasmena sor dezakete, bereziki aurreko leihoa ikusgai ez dagoen gailu mugikorretan, eta ez dira inklusiboak bezeroentzat, batik bat pantaila handitzeko sistemak erabiltzen dituzten edo ezagutza tekniko gutxiago duten bezeroentzat.

Zure gaiaren estilo-orria editatzen baduzu, ziurtatu ez dituzula testu-esteken estiloak kentzen. Erabili jarraibide hauek:

  • Testu-estekak azpimarratuta daude edo kolorea ez den beste bereizgarri bisualen bat dute, bezeroek estekak eta testu arrunta bereiz ditzaten.
  • Testu-estekak fitxa berean irekitzen dira sakatzean.

Irudien ordezko testua

Sareko dendan irudiak gehitzean, garrantzitsua da itsuak diren edo ikusmen murritza duten bezeroentzat erabilerraz egitea. Horretarako, irudi bakoitza zehatz deskribatzen duen ordezko testua gehi dezakezu. Pantaila-irakurleak erabiltzen dituzten bezeroek ordezko testua behar dute zure sareko dendako irudien edukia ezagutzeko.

Produktuaren irudiei ordezko testua gehi diezaiekezu Shopify-ko administratzailetik. Zure gaiko gainerako irudiei ordezko testua gehi diezaiekezu gai-editoretik.

Irudi bati ordezko testua gehitzean, praktika on bat da begiak itxita dituen norbaiti irudia deskribatzen ari zarela imajinatzea. Lagundu iezaiozu irudi bat sortzen bere buruan. Irudi bat deskribatzeko modua zure web-orriaren testuinguruaren araberakoa ere bada. Adibidez, irudi bat modu ezberdinean deskriba zenezake zure negozioa bidaia-agentzia bat bada edo aire zabaleko ekipamenduen denda bat bada. Kontuan izan hurrengo irudia:

Bizkar-zorroak daramatzaten eta elkar besarkatuta ozeanora begira dauden bi lagun

Bidaia-agentzia baten kasuan, bi lagunak bidaiatzen ari diren herrialdea eta eskualdea aipa ditzakezu, baita begira dauden ozeano edo itsasoaren izena ere. Bestalde, aire zabaleko ekipamenduen denda baten kasuan, bi lagunen bizkar-zorroen marketan eta ezaugarrietan zentra zaitezke.

Zure negozioa bidaia-agentzia bat bada, ordezko testu txar baten adibidea izan daiteke: "Bi pertsona ozeanoaren aurrean". Agentzia berarentzat, ordezko testu on baten adibidea izan daiteke: "Lagos-en (Portugal) bidaiatzen ari diren bi lagun, egun eguzkitsu batean Praia do Camilo-ko hondar-kalari begira."

Diapositiba-aurkezpenen eta bideoen erabilerraztasuna

Zure sareko dendan bideoak gehitzean, ziurtatu ikusmen murritza duten bezeroen, gorrak edo entzumen-urritasuna duten bezeroen, edota nahasmendu bestibularrak izan ditzaketen bezeroen beharrak kontuan hartzen dituzula.

Bezero horietako batzuek pantaila-irakurleen testutik ahotserako gaitasuna erabiltzen dute, web-orri baten edukiak ozen irakurtzen dituena. Bideoetako eta musikako audio gehigarriak, batez ere ustekabekoa denean, esperientzia hori zaildu dezake. Gorrak edo entzumen-urritasuna duten bezeroentzat, ideia ona da bideoei azpitituluak gehitzea, bezero horiek edukia atzitu ahal izan dezaten.

Nahasmendu bestibularrak dituzten bezeroek zorabioak izan ditzakete mugitzen den edukiarekin. Hori dela eta, garrantzitsua da diapositiba-aurkezpenak eta bideoak automatikoki ez erreproduzitzea, eta bezeroak diapositiba-aurkezpena kontrol-botoiekin kontrolatu ahal izatea.

Diapositiba-aurkezpenak

Zure sareko dendan diapositiba-aurkezpen bat gehitzen duzunean, jarraitu gidalerro hauei:

  • Diapositiba-aurkezpenak ez dira automatikoki erreproduzitzen.
  • Diapositiba-aurkezpenak automatikoki erreproduzitzen badira, bezeroek horiek pausatzeko, aurreratzeko edo gelditzeko erabil ditzaketen kontrolak dituzte.

Bideoak

Zure sareko dendan bideo bat gehitzen duzunean, jarraitu gidalerro hauei:

  • Bideoak ez dira automatikoki erreproduzitzen.
  • Bideoak automatikoki erreproduzitzen badira, haien audioa mutututa dago.
  • Audioa duten bideoen kasuan, bideoa guztiz ikusgai dago eta orriaren beste elementu batzuek ez dute oztopatzen. Horri esker, azpitituluek ikusgai jarraitzen dute.
  • Elkarrizketa duten bideoen kasuan, testu-transkripzioak daude eskuragarri. Horiek orrian bertan edo aparteko orri baterako esteka batean sartzen dira.

Gidalerro horiek diapositiba-aurkezpen batean dauden bideoei ere aplikatzen zaizkie.

Teklatuaren euskarria

Ikusmen- edo mugimen-urritasuna duten bezeroek teklatua erabil dezakete sarean nabigatzeko eta zereginak burutzeko. Bezero horiek adierazle bisual bat behar izaten dute web-orri batean teklatuaren fokua non dagoen jakiteko. Beheko adibidean, Posta elektronikoa eremuak foku-adierazle bisual bat du:

Sareko denda bateko bezeroen saio-hasierako pantaila, posta elektronikoaren eta pasahitzaren eremuak erakusten dituena. Posta elektronikoaren eremuak inguruki urdina du.

Zure gaiaren estilo-orria editatzen baduzu, ziurtatu ez duzula kentzen teklatuaren fokuaren estiloa orriko inongo elementutatik. Erabili hurrengo gidalerroa:

  • Orriko elementu elkarreragile guztiek adierazle bisual argi bat dute teklatuaren fokua dutenean. Elementu horien artean daude estekak, botoiak eta inprimaki-eremuak.

Baliabideak

Artikulu honetan eztabaidatutako gaiei buruzko web-erabilerraztasunari buruz gehiago jakiteko, kontsultatu hurrengo baliabideak.

Kolore-kontrasteari buruzko baliabideak

Testuei buruzko baliabideak

Ordezko testuei buruzko baliabideak

Diapositiba-aurkezpenei eta bideoei buruzko baliabideak

Teklatuaren euskarriari buruzko baliabideak

Atal honetan