Zure produktu-lerroa aldi baterako aldatzea

Zure saltzeko gaitasunari eragiten dioten egoerak gertatzen direnean, pentsatu zure produktu-lerroa egoeraren premia eta errealitate berrietara egokitzea.

Ase premia berriak

Jende asko ohituta dagoenarekiko oso bestelako egoeran dago, eta erronka berriei aurre egiten ari zaie. Aztertu zure produktuak bezeroen premia berrietara nola egokitu daitezkeen:

  • Zure produkturen bat egokitu al daiteke trebetasunak garatzen edo entretenimendua eskaintzen laguntzeko?
  • Egin al daiteke zure produktuak eskuratzea merkeagoa izan dadin; esaterako, alokairuen edo bidalketa-tarifa merkeagoen bidez?
  • Egokitu al daitezke zure produktuak familiako jardueretarako edo haurrentzako entretenimendua eskaintzeko?
  • Erabili al daitezke zure produktuak etxeko bulego bat sortzeko edo etxetik lan egitea atseginagoa bihurtzeko?
  • Erabili al daitezke zure produktuak pertsonen arteko konexio bat sortzeko?

Sortu premia berri bat asetzera bideratutako produktu-lerro berri bat

Aztertu bezeroen premia berriak asetzera bideratutako produktu guztiz berriak sortzea. Berrikusi hurrengo adibideak ea zure negoziora egokitu daitezkeen ikusteko:

  • Arropa-negozio bat bazara, etxean geratzen den jendearentzako lerro berri bat sor dezakezu. Adibidez, sortu bideo-bileretarako itxura profesionala eman behar duten baina eroso egon nahi duten pertsonentzako arropa-lerro berri bat.
  • Lorezaintza-zentro bat bazara, aztertu hauetako edozeinetara bideratutako produktu-lerro berriak sortzea:
    • haurrek landatu edo mantentzen laguntzeko egokiak diren landareak
    • etxeko bulegoetarako onak diren eta maskotentzat seguruak diren landareak
    • etxeko sukaldean laguntzeko erabil daitezkeen landareak, hala nola hazteko errazak diren belarrak edo barazkiak
  • Etxeko entretenimenduko produktu bat saltzen baduzu, bi batean produktuen lerro bat eskain dezakezu, non bezeroek lagun edo senide bat aukeratu ahal izango duten bigarren produktua jasotzeko. Adibidez, puzzleak saltzen badituzu, utzi bezeroari bat erosten beretzat eta beste bat lagun bati bidaltzen; horrela, biek egin dezakete puzzlea lagunarteko lehiaketa batean.

Eskaini zure produktu edo zerbitzuen alokairuak

Ahal izanez gero, utzi bezeroei zure ekipamendu edo produktu batzuk alokatzen. Berrikusi hurrengo adibideak ea zure negoziora egokitu daitezkeen ikusteko:

  • Aisialdiko produktuen denda baten jabea bazara, zure ekipamenduetako batzuk egun, aste edo hilabetez aloka ditzakezu. Adibidez, bizikletak saltzen badituzu, bizikletak alokatu diezazkiekezu aldi baterako aisialdirako denbora gehiago baina bizikleta berri bat erosteko diru gutxi duten pertsonei.
  • Altzari-denda bat baduzu, baloratu bezeroei produktuak alokatzeko aukera ematea, pieza berriak probatzeko edo aldi baterako espazio berriak sortzeko. Adibidez, bulegoko altzariak saltzen badituzu, baloratu etxeko bulegoetarako altzariak alokatzea aldi baterako etxetik lan egin behar dutenei.
  • Zerbitzu gisa produktu bakarrak eskainiz bezeroak erakartzen dituen negozioa bazara, bezeroei produktuak alokatzen utzi diezaiekezu. Adibidez, mahai-jokoen kafetegi bat bazara, jendeari mahai-jokoak alokatzen utzi diezaiokezu, eta edariak edo janaria ere eskaini mahai-joko bat jasotzean edo entregatzean.

Eskaini kitak zure produktu batzuk eraikitzeko edo birsortzeko

Eskaini produktu-kitak eta tutorialak bezeroek zure produktu batzuk etxean birsortu ditzaten. Berrikusi adibide hauek zure negoziora egokitu daitezkeen ikusteko:

  • Jatetxe edo janari-negozio baten jabea bazara, edari, postre, hamaiketako edo plater nagusi berezien errezeta doakoak edo merkeak eman ditzakezu, bezeroek etxean egin ditzaten zure saltoki fisikoa bisitatu ezin duten bitartean. Adibidez, pasta-plater ezagun bat baduzu, pasta-saltsa entregatu dezakezu platera etxean nola egin azaltzen duen errezeta batekin batera, haurrek laguntzeko egin ditzaketen aukerako urratsekin.
  • Artista bazara, kitak sal ditzakezu bezeroek beren artelanak egin ditzaten bideo edo pausoz pausoko tutorialekin. Adibidez, koadroak saltzen badituzu, saldu margo-edukiontzi txikiak, pintzel bat edo bi eta zure estiloan margotzeari buruzko bideo-tutorial bat dituen kit bat.
  • Esperientzia berezia eskaintzen duen negozio bat baduzu, jendeak esperientzia hori etxean birsortzeko moduko kit bat sal dezakezu. Adibidez, minigolf-negozio bat baduzu, diseinatu jendeak etxean egin ditzakeen zirkuitu batzuk, eta saldu oztopo dibertigarri batzuk, golf-pilota merkeak eta golf-pal merkeak (barrualdean edo kanpoaldean jolasteko) dituen kit bat.