Shopify-ren scriptak eta Script Editor aplikazioa
Shopify-ren scriptak bezeroei euren saskian eta ordainketa-prozesuan esperientzia pertsonalizatuak eskaintzea ahalbidetzen dizuten kode zati txikiak dira.
Script bat sortzen edo editatzen duzunean, zuk erabakitzen duzu soilik zure sareko dendan exekutatuko den, ala sareko dendan eta aplikazio hauetan ere exekutatuko den:
- Storefront API, JavaScript Buy SDK eta Mobile Buy SDK (Android eta iOS) erabiliz sortutako aplikazio pertsonalizatuetan
- Ordainketa-prozesuak sortzen dituzten aplikazio pertsonalizatuetan
- Tapcart, Plobal Apps eta Vajro bezalako aplikazio mugikorren sortzaileetan
Scriptek funtzionatzeko, webguneak erosketa-saskiaren funtzionalitatea barneratuta izatea eskatzen dute; beraz, scriptak ezin dira erabili Erosi botoiarekin edo Facebook salmenta-kanalarekin.
Scriptak erabil ditzakezu saski bati aplikatuko zaizkion deskontuak sortzeko, saskiko produktuetan nahiz saskiaren beste propietate batzuetan oinarrituta. Horrez gain, bezeroentzat eskuragarri dauden bidalketa- eta ordainketa-aukerak pertsonalizatzeko ere erabil ditzakezu scriptak.
Scriptak Shopify Scripts API delakoa erabiliz idazten dituzu, eta hark Ruby programazio-lengoaiaren bertsio mugatu bat erabiltzen du. Script Editor aplikazioa erabiliz idatzi, editatu, kudeatu eta argitara ditzakezu scriptak. Script Editor aplikazioak txantiloiak eskaintzen dizkizu scriptak idazten laguntzeko, bai eta arazkailu bat ere haiek probatzeko.
Script bat argitaratu ondoren, Liquid-eko txantiloi-fitxategiak egunera ditzakezu zure sareko dendak scriptek egiten dituzten aldaketei erantzun diezaien.
Orri honetan
Scripten adibideak
Zerrenda honek scriptekin egin ditzakezun deskontu- eta pertsonalizazio-moten adibideak jasotzen ditu:
- etiketa zehatzak dituzten produktuetan deskontuak egitea, deskontuak portzentajean (%) nahiz kopuru finkoan ($) eskaintzeko, edo bien konbinazioa
- logika sinplea nahiz konplexua duten promozioak exekutatzea (2×1; bi erosiz gero % 10eko deskontua, lau erosiz gero % 20koa)
- prezio dinamikoak eskaintzea bolumenean oinarritutako prezio-beherapenekin
- bidalketa-aukerak eta prezioak aldatu, ezkutatu edo berrantolatzea
- ordainketa-atebideen metodoak aldatu, ezkutatu edo berrantolatzea
Ondorengo script-motak sor ditzakezu:
- Lerroko elementuen scriptak: Script hauek saskiko lerroko elementuei eragiten diete, eta prezioak alda ditzakete nahiz deskontuak eman. Script horiek zure saskian elementu bat gehitzen, kentzen edo aldatzen den bakoitzean exekutatzen dira.
- Bidalketa-scriptak: Script hauek bidalketekin interakzioan aritzen dira, eta bidalketa-metodoak alda ditzakete, baita bidalketa-tarifetan deskontuak eman ere. Script hauek zure bezeroa ordainketa-prozesuko bidalketa-aukeren orrira sartzen den bakoitzean exekutatzen dira.
- Ordainketa-scriptak: Script hauek ordainketekin interakzioan aritzen dira, eta ordainketa-atebideen izena aldatu, haiek ezkutatu edo berrantola ditzakete. Script hauek zure bezeroa ordainketa-prozesuko ordainketa-metodoen orrira sartzen den bakoitzean exekutatzen dira. Ordainketa-scriptek ez dute interakziorik bezeroari ordainketa-prozesuaren aurretik erakusten zaizkion ordainketa-atebideekin (hala nola, PayPal Express edo Apple Pay).
Scripten txantiloiak
Script Editor aplikazioak script arrunten txantiloiak ditu. Script bat sortzen duzunean, txantiloi bat hauta dezakezu eta zure dendaren beharretara egokitzeko editatu. Ondorengo zerrendan pertsonaliza ditzakezun txantiloien adibideak daude:
- produktu baten deskontua ehunekotan (%)
- produktu baten deskontua zenbatekotan ($)
- produktu baten deskontua ehunekotan (%) eta zenbatekotan ($)
- bolumenagatiko deskontuak
- erosi bat eta lortu beste bat doan (2×1)
- bidalketa-tarifaren prezioa aldatu
- bidalketa-tarifaren izena aldatu
- bidalketa-tarifak ezkutatu
- bidalketa-tarifak berrordenatu
- ordainketa-atebidearen izena aldatu
- ordainketa-atebideak ezkutatu
- ordainketa-atebideak berrordenatu